Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aktualitatea

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Obra Hidraulikoetako Diputatuak Ur Partekatuen Kudeaketarako Gutunaren lehendakari gisa parte hartu du Uraren Euskal Agentziak (URA) Hondarribian antolatutako Uholde Arriskuari buruzko Mintegian

Gipuzkoak, Nafarroak eta Euskal Hirigune Elkargoak beren lanak aurkeztu dituzte mintegian, mugaz gaindiko Bidasoa, Urumea, Oria, Nive eta Nivelle ibaien kudeaketa bateratua egiteko duten konpromisoa erakutsiz

2017·11·07


Irudia

José Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, amaiera eman dio saioari, zeinetan parte hartu duten Gutuna sinatu zuten erakundeetako ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak; Ura – Uraren Euskal Agentzia; Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia; Hego Lapurdiko Hirigunea; Nive ibai arroko sindikatu mistoa; Aturri-Garona Uraren Agentzia eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia.

Asensiok, bere agerraldian, eskerrak eman dizkie aurkeztu dituzten proiektuengatik, eta azpimarratu du garrantzitsua dela lurraldearen garapen jasangarriaren aldeko mugaz gaindiko jarduera bateratuak burutzea. “Gaitasunaren eta adostasunaren bidez, iraun dezaketen emaitzak lor daitezke”, adierazi du Obra Hidraulikoetako Diputatuak.

Horrez gain, nabarmendu du Gipuzkako Foru Aldundiak duen aforalekuen eta uren kalitatearen kontrolguneen sare garrantzitsua, horietatik ateratzen baitira lurraldeko ur baliabideak eta uholdeak ezagutzeko beharrezkoak eta nahitaezkoak diren datu hidrologikoak. Gainera, sareari konektatuta daudenez denbora errealean, aukera ematen dute ibaien uholde arriskuko egoerei aurre hartzeko.

Azken hogeita hamar urteotan 5 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da instalazio horiek eraikitzeko, eta ibaien mailak eta emariak erregistratzeko beharrezkoak diren tresnez hornitzeko.

Gipuzkoak denbora errealean partekatzen du informazio hori sarean, eta beste organismo batzuekin lankidetzan aritzen da, hala nola ur mankomunitateekin, ur kontsortzioekin edota Eusko Jaurlaritzarekin.

Lankidetza horri esker, Gipuzkoak aurrera jarraitzen du, eraginkortasun osoz, uholde arriskua kudeatzeko planekin.

Mintegi honetan landu da Ur Partekatuen Kudeaketarako Gutunak 2017-2018 urteetarako ezarrita zituen helburuetako bat: Uholdeen arriskua aztertzea kudeatu eta prebenitu ahal izateko, pertsonei eta komunitateei autobabesa eskaintzearren.

Gutunak lankidetza bat ezartzen du zenbait arlotan: uraren eta uretako ekosistemen kalitatean, edateko uraren hornidurari eta bainurako urari dagozkion alderdi sanitarioetan, uholde arriskuen inguruko segurtasunean, baliabidearen erabilera efizientean eta eskaeraren kudeaketaren sustapenean.

Ekintza bateratu hau H2Ogurea proiektuaren barruan gauzatu da, zeinak Europar Batasunaren % 65eko diru laguntza jaso duen.