Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Aurkezpena

Historiaren hasieratik, ura zibilizazioen garapenean eragin handiena izan duten baliabideetako bat izan da. Gizakiak, bere beharrak asetzeko, ura hartu, bildu eta bideratu du. Era berean, defentsak eraiki behar izan ditu, ur-goraldietan zehar urak hartzen zituen lurrak okupatu dituelako eta noizean behin urak eskatu egiten ditu lur horiek. Uraren paisaiak bere aisialdirako erabili ditu eta natura birsortuz benetako artelanak burutu izan ditu. Baina aurreko mendean zehar, hiriko nahiz industria garapenek sistema urtarren degradazioa eragin dute. Horrenbestekoa izan da degradazio hori, ezen azken hamarkadan pertsona eta erakunde batzuek hondatze hori eten egin behar zela ikusi zuten. Ekosistema urtarren kontserbazioa, ingurumen-emariak, ibaiaren espazioa eta tankerako terminoak entzuten hasi ziren eta, pixkanaka, "uraren kultura berria" izendapena jaso duen horrek geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Kultura berri honen funtsa da, uraren politikak, dagozkien ekosistemen kontserbazioan eta errespetuan oinarritu behar direla.

Mendearen hasierak aldaketa sakona ekarri du uraren araudian. Europako Ekonomia Erkidegoak 2000/60/EE Uraren Esparruko Arteztaraua onartu zuen. Duela gutxi, 2006ko ekainaren 23an, Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Uren Legea onartu zuen, non Europako araudiak finkatutako ildoak jarraituz euskal administrazio hidraulikoari buruzko legeak ematen diren.

Azken urteotan, iraunkortasunari eta ingurumenaren kontserbazioari buruzko hainbat ingurumen plan eta jarduera orokor garatu dira, besteak beste, Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia 2002-2020, Eusko Jaurlaritzak 2002. urteko ekainaren 4an onartu zuena. Estrategia horretan urak garrantzi handia du. Bestalde, 2005eko azaroaren 8an Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Ekintzarako Iraunkortasun Plana onartu zuen Foru Aldundi honetako Diputatuen Kontseiluak. Bertan, iraunkortasun-irizpideak dituen gobernu ekintza burutzeko faktore nagusiak finkatzeaz gain, inplikazio zuzena duten departamentuei beren plan espezifikoa eratzeko eskatzen zaie.

Foru Aldundiak, 80. hamarkadaz geroztik uraren zikloaren esparruan inbertsio-ahalegin handiak egin ditu. Ahalegin horiei eta beste administrazio, Mankomunitate, Patzuergo, Eusko Jaurlaritza eta Estatuko Gobernuak egindakoei esker, hornidura eta saneamendu obra handiak amaitzear daude. Horrenbestez, lehen adierazitako gogoetekin batera, egungo egoeraren diagnostiko bat eginez, Gipuzkoako Lurralde Historikoan uraren erabilera iraunkorrerako ildo batzuk planteatzeko unea da. Ildo horiek Foru Aldundiak datozen urteetan garatuko dituen jarduera-ildoak diseinatzeko oinarri gisa balioko dute.