Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Oriaren arroa

Gipuzkoako lurralde historikoan dauden ibai guztien artean arrorik handiena duena da Oria ibaia, 882,5 km²-rekin, eta arroaren zati bat Nafarroako Foru Erkidegoan du. Aizkorriko mendilerroko iparraldeko hegian jaiotzen da. Goiko aldean Ursuaran eta Estanda erreken ura jasotzen du eta, beherago, Agauntza, Amundarain eta Amezketa errekek isurtzen diote beren ura. Erdialdeko eta behealdeko beste ibai-adar garrantzitsuak dira Araxes, Zelai eta Leitzaran. Orion itsasoratzen da, Donostia inguruan kurba nabarmen bat egin ondoren.

Arroaren hiri eta industri okupazioa, 150.000 biztanle inguru, arroaren ardatzaren inguruan gauzatu da, Beasain, Tolosa, Villabona, Andoain eta Lasarte-Oria bezalako hiriguneak garatuz. Historikoki, gainera, Oria ibaiko harana Gipuzkoaren komunikabiderik garrantzitsuena izan da hegoalderantz.

Beheko aldeetako humanizazioak asko hondatu du bere habitata, eta horrek kontrastea egiten du biztanle gutxi dituen eta ondo kontserbatuta dauden beste alde batzuekin: Aralar eta Aizkorriko mendilerroak eta Leitzaranen arroa, adibidez.

Historikoki, Oria ibaia Gipuzkoako kutsatuenetako bat izan da, baina burutu diren saneamendu lanek eta abian jarri diren Legorretako eta Adunako ur hondakinen araztegiek ur kalitatea nabarmen hobetzea eragin dute. Honekin batera arrain faunaren egoeraren hobekuntza etorri da. Lehen tarte askotan desagertuak, gaur egun barboaren, loinaren, aingiraren eta mazkarraren populazioak garrantzitsuak dira. Arroaren goiko tarteetan, beti izan dira amuarraina eta eskailua. Azken urteotan, izokina ere etengabe agertzen da arroan, nahiz eta ibaiak dituen baldintza morfologikoek ez dioten uzten espezie horri populazio egonkor bat finkatzen kanpoko esku-hartzerik gabe.

Oriako ibaiadarren sarea konplexua da, eta populazio finko esanguratsua dute gehienek. Beraien arteko egoera desberdina den arren, ia guztietan saneamenduaren azpiegituren eraikuntzetan egin diren aurrerapausoekin, ingurumenaren egoera nabarmen hobetu da, Eztanda, Amundarain, Araxes eta Asteasu ibaietan, besteak beste. Bitartean, eta bestetik, Leitzaran eta Arriaran eta beste ibai batzuek, gizakiaren eragin urriagoarekin, beti izan dituzte egoera bikainak eta arrain komunitate oparoak.

Arroan neurtutako emariak urteko 804 hm3-koak izan dira, segundoko 25,5 m3, horrek batez beste 28,9 l/s/km2-ko emari espezifikoa ematen digu. Azpi-arroen arabera balio hori nahiko aldatzen da, goialdeko arroak ia ez dute 20 l//km2 gainditzen eta Leitzaran eta Berastegi arroek 45 l/s/km2-ko balioak dituzte. Udako balioak ere antzeko ibiltzen dira, eta 1 l/s/km2 lortzen dute goialdean eta 5 l/s/km2 gainditzen dute Leitzaran eta Berastegi arroetan.

Arroaren batez besteko plubiometria urteko 1.633 mm-koa izan da. Tenperatura 13º C eta lurrunketa urteko 837 mm. Emarien urtaroetako eta urtetik urterako aldaketa oso nabaria da, eta prezipitazio handiak egon diren aldietan, nahiz udakoetan nahiz negukoetan, uholde ugari gertatu da.